Helburu eta balioak

Xaxau herri mugimenduaren saretzea bultzatzen duen konpartsa da. Jai eta ekintza parte hartzaileak, parekideak eta euskaldunak bultzatzen dituen konpartsa. Herritik sortu eta herriarentzat lan egiten duena.

Slide14_Pic3_635912936797843074

Helburuak, besteak beste, hauek dira:

  • Euskal kultura eta euskalduna bultzatu eta sustatzea, euskaldunon sarea handituz.
  • Beste eragile eta herriko jendearekin sarea osatzea, herriko harremanak sendotuz.
  • Jarduera soziokulturaleko sustapena, beste eragile eta herritarrekin batera gure denboren araberako jarduerak eta beharrak antolatuz, baina gure tradizio eta sustraiak ahaztu gabe.
  • Herritarrei balioak transmititu, bestelako harreman motak sustatu, geure artean antolatzeko modu egokiagoak praktikan jarri.

Ondorengo baliotan jartzen da indarra:

  • Partaidetza: Zuzeneko parte hartzean sinesten dugu eta norberaren eta taldearen erabaki gaitasunean sinisten dugu.

Herritarren parte hartzea oinarrizkoa da gizartearen esparru guztietan. Jai eta ekintzen antolaketan ere bai. Herritarrik gabeko herririk ez dagoen bezala, ez da jairik herritarrik gabe. Ikusle eta kontsumitzaile huts nahi gaituztenen aurrean, norberaren eta taldearen autonomiaren alde egiten dugu. Parte hartzea, bestetik, eraldatzailea da, edo ez da ezer izango. Hau da, parte hartzea egun indarrean dauden balioak eraldatuko dituen tresna dugu.

“Ilusioa ez badago, ez dago partehartzerik”.

  • Parekidetasuna: Oinarrizko balore emantzipatzailea dugu feminismoa eta ondorioz, gure arteko harremanetan aplikatu beharrekoa. Patriarkatuak eskura dituen tresna edo arma guztiak jarri ditu martxan; hala, gure egunerokoan etengabe egiten dugu topo zapalkuntzekin, benetan zapalkuntza diren kontzientzia izan gabe. Beraz, ez ditugu onartzen sozialki gizon eta emakumeei egokitutako rolak eta beste eredu bat garatu nahi dugu. Aukera berdintasunean oinarritu nahi dugu, pertsonen garapen integralaren bidean, gure bizitza proiektuaren jabe izateko.

Bestalde, inon ez ditugu jarrera sexista, homofobo, transfobo, xenofobo edo aporofoboak onartuko!
Gure gorputzak, gure territorioak. Martxan jarraituko dugu denok aske izan arte! Martxanterak

  • Euskalduna: Euskaraz izan, bizi, egin eta eragiten dugun konpartsa gara. Erabat euskaraz funtzionatzen duen mugimendua. Euskararen arnasgunea, hau da, euskaraz normaltasun osoz jarduteko gunea. Arnasgunea, euskara “bere kabian” sentitzen den bilgunea, inork xaxatu eta eraso gabe nagusi sentitzen den eremua da. Horren bidez adierazi nahi da herri batean, gune batean… hizkuntza horrek lasai hartzen duela arnas, hau da, erabilera arrunteko hizkuntza dela. Xaxaun euskaraz bizi, lan eta gozatu nahi dugu eta besteak beste, euskararentzat ezinbestekoak diren guneak bultzatu nahi ditugu.

Baina bestalde, euskara hautazkoa eta erdara derrigorra den lurralde batean bizi gara. Oraindik ere, hainbat eraso eta oztopo jartzen dizkigute euskara normaltasunez erabiltzeak ezinezko izaten jarrai dezan.

  • Jai herrikoietan euskaldunok aldeko giroa topatuko dugu eta, giro horretan, aitzakiarik ez dago erronkari heldu eta euskarari eusteko. Geure harremanetan zein ezagutu berri ditugunekin, vascoak izatetik euskaldunak izatera pasatzea bultzatzen dugu. Norbere ohiturak aldatu inguruan ere eragiteko. Norberaren ardurari helduta Bergara euskaldunago bat lortzea dugu helburu.

“Gaur egun euskaldun izatea eraikuntza eta hautu kontziente bat da”. Lorea Agirre

  • Auzolana: Auzolanaren helburua auzotarren doaneko lanaren bidez denontzako onuragarria den zeozer burutzea edo gauzatzea da. Auzolana auzotar, herritar, lagun eta bizikideen artean lankidetzan zereginak egiteko sistema da, Euskal Herriko landa lurretan oso sustraitua. Gaur egun lankidetzaren sinonimotzat erabiltzen da. Herritarrok herriarentzat musutruk egiten dugu lana eta elkarbizitza lantzeaz gain, baloreak praktikaren bitartez transmititzen ditugu.
  • Autogestioa: Gure gastuak ordaintzeko planteamendu jasangarria egiten dugu, eta gure eskaintza denak doakoak dira. Gure guneak guk kudeatzen ditugu, eta dena amaitzean, lehen bezala edo hobeto uzten saiatzen gara.
  • Jasangarritasuna: Zaborra ezin da erabili produktu berriak ekoizteko eta arazoak sortzen ditu. …. Baina ez dugu ahaztu behar hondakinik onena sortzen ez dena dela. Xaxau “zero zabor” filosofiarekin bat egiten dugun konpartsa da. Honen harira, antolatutako ekintza eta jai guztietan baso berrerabilgarriak erabili eta ur botilak ez dira salduko.
  • Irudimena eta sormena: Gure baitara bildutako herritarrak izatea bultzatu nahi gaituzte, xaxauk aldiz, NItasunetik GUtasunera pasatzea aldarrikatzen du, bestelako mundu bat eraikitzen joateko. Sormena eta irudimena libreki lantzeko gunea da.

Mendekoste jaiak:

  • Mendekoste jaietan adin tarte guztientzako gune erreferentziala bilakatzea.
  • Euskaraz bizitzeko, mintzatzeko eta ondo pasatzeko bilgunea eraikitzea.
  • Guraso eta seme-alaben arteko harremana eta komunikazioa euskaraz mantentzeko eta bultzatzeko dinamika eta aukerak jorratzea (Haur eta guraso asanblada).
  • Jai eta ekintza soziokulturalak indartzea.
  • Jai eta ekintzetan parte hartzea eta gozatzea.
  • Jaiak ez dira eremu isolatuak. Jaietan gizarteko ekintzak islatzen dira.
  • Aurten bigarren urtez erasoei aurre hartu eta Martxanterak talde feministarekin batera erasoen protokoloa martxan jarri dugu. Jaietan ez ditugu jarrera sexista, homofobo, transfobo, xenofobo edo aporofoboak onartuko! Hamaika eraso, hamabi erantzun!