2016ko jaixak prest

Urtero legez, Bideberriko txosnagunea eta herriko plaza izango dira jai gune nagusiak. Ez da, ez, aspertzeko aukerarik izango. Musikazale amorratuentzat, jakin ezazue, kartel indartsua dugula aurten ere Bergarako jaietan.

bergarako_txosnagunea_v01-001

Prentsa oharra eta egitaraua pdf formatoan

Aurtengo berritasunetako bat, txosnaguneko egitarauaz gain, kaleko presentzia areagotu dugula da: Bad Sound System taldea furgoneta batera igota kaleetan barna ibiliko da ostiralean. Eguneko egitarauaren indartzearen adibide argia larunbata da: Eguerditik aurrera kantu jira musikatua ospatuko dugu kale baztarretan, jarraian urteroko presoen aldeko bazkaria eta ostean Kopla barik bertso eskolakoek bertso tribial esperimentu soziologikoa prestatu dute, deskantsurako denborarik gabe, Buru haundiei harrera egingo diegu txosnagunean eta ostean batukada feministarekin berriro ere kaleak okupatzera!

Egunero izango ditugu kontzertuak Bideberriko txosnan, eta ez nolanahikoak… Estilo, gustu, adin eta belarri guztietarako eskaintza egongo da ostiraletik asteartera. Izen batzuk aipatzearren: Bad Sound System taldeak Iruneko jaia eta aldarria ekarriko ditu reggae, dancehall eta ragga estiloekin, Fridays Crew taldeak punk doinuak landuko ditu, Polygorn ziburutarrek Moï Moï diskoetxearen aire fresko jostagarria, Fiachras herriko taldeak bere azken diska “Amnesia eta argia” aurkeztuko digu, The Sparteens-ekin denboraren makinan sartu eta Urretxindorrak-en garaietara joango gara, Perlak taldeak post punk konprometitua landuko du, Azkaiter Pelox trio formatuan etorriko da, ohitura jostagarri bilakatu den Laket taldearen kontzertua ere ez da faltako, Nebulako herrikideek 80 hamarkadako punk-diskoa konfetiz apainduko dute, Martxanterak bideo dj formatuan ariko dira ostiralean “Egunen batean damutuko haiz rockerillo itxurak egitearren dantzatu gabe pasatzen utzitako cumbietaz” lemapean, larunbatean BET kolektiboko disko musika dantzagarria izango dugu palmera artean, astelehenean instituzio bat den dj Bull… finean 5 egunetan 16 kontzertutatik gora disfrutatzeko aukera izango dugu Bideberrin.

Egitarauari irekiera ostiral arratsaldean emango diogu Bideberrin, irekiera ekitaldian ere ez dira sorpresak faltako. Ikasle bazkaria aitzakia bezala hartuta jaien hasierari aurtengoan ere aurreratu egingo gara eta kaleak alaitzeko elektrotxufla elektrotxarangaren laguntza izango dugu. Igandea DEMASA eguna izango da, haur eta gurasoendako egitarau berezia antolatu dugu; jolasak, entsaladatxo sobiertar lehiaketaren I. edizioa, DEMASA bazkaria, Imanol Ituiñoren magia erakustaldia eta kontzertuak. Astelehena Erain Debagoienarekin elkarlanean ospatuko dugu, herri bazkariaren ondoren Laket, The Sparteens, Nebulosa eta Dj Bull-ek alaituko dute gaua.

Aurten bigarren urtez erasoei aurre hartu eta Martxanterak talde feministarekin batera erasoen protokoloa martxan jarri dugu. Jaietan ez ditugu jarrera sexista, homofobo, transfobo, xenófobo edo aporofoboak onartuko! Hamaika eraso, hamabi erantzun!

Garrantzia berezia jarri dugu aurten tokiko produktuen eskaintza handitzen. Zero zabor filosofiarekin aurrera goaz, hondakinen bereizketa sakona egingo dugu Txosnagunean, ur botilak ezabatzea erabaki dugu plastikoaren erabilera murrizteko, bide berean edalontzi berrerabilgarriak banatuko dira eta zaborrik onena sortzen ez dena denez, edalontziak itzultzean dirua itzuliko da.

Gora herria!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude